Ekimena Elikaduraren Munduko Egunaren barruan kokatzen da, eta hainbat jarduera izango ditu: eskolako ortua, pasta tailerra, «Geure bazkarie» bideokliparen estreinaldia eta askari agroekologikoa.
Berango Merana Eskolako familiek urte asko daramatzagu eskolan bertan sukaldaritza ezartzeko lanean. Hezkuntza Sailak behin baino gehiagotan onartu duen proiektua da, baina hainbat arrazoirengatik gauzatu ez dena. Azken aldia 2021ean izan zen, sukaldaritza-proiektua IPI aurreproiektuak baldintzatu zuenean.
Datorren Elikaduraren Munduko Eguna dela eta, Berango-Meranako IGEak Elikadura Iraunkorraren Astea antolatuko du. Ekimen horren helburua, aldarrikapen horri jarraipena ematea eta gure sukaldaritza izatearen garrantzia azpimarratzea, eskola-elikadura osasungarri, iraunkor eta kalitatezkoa lortzeko lehen urrats gisa.
IGEk argi dauka eskola-jantokia ez dela zerbitzu hutsa, hezkuntza-espazio osasungarri, hurbil eta komunitarioa baizk. Elikadura eredu baten aldeko apustua egiten dugu, eskola eta bere ingurunea lotuko dituena, haurrak elikagaien jatorrira hurbilduko dituena eta haurtzarotik ohitura osasungarri eta iraunkorrak sustatuko dituena.
Horregatik, familiek eta hezkuntza-komunitateak parte hartzeko jarduera-programa bat prestatu dugu, ikaskuntza, kultura eta elikadura jasangarria uztartuko dituena.
PROGRAMA:
Urriak 14, asteazkena | Berango-Merana Eskola
- 16:15 Baratze irekia. Eskolako baratzera hurbiltzeko eta lurrarekiko eta elikagaiekiko kontaktua sustatzen jarraitzeko gune bat.
- 17:00etatik aurrera. Pasta-tailerra. Eskolako karpak elikagaiak partekatzeko, ikasteko eta elaborazioaz gozatzeko jarduera bat hartuko du.
Urriak 15, osteguna | Berangoeta Kultur Etxea
- 16:30 «Geure bazkarie» bideokliparen aurkezpen ofiziala eta estreinaldia. Ekitaldia Berangoeta Kultur Etxeko areto nagusian izango da. Abestia Josu Santamariak konposatu du eta Aratz Díezekin batera grabatu du Euridia estudioetan. Naroa Gaintzak jartzen du ahotsa. Ikus-entzunezko ekoizpena Julen Zubietek egin du, Berango-Merana eskolako familiekin elkarlanean.
- Jarraian, askari agroekologikoa bertaratutako guztientzat, elikadura jasangarriaren eta komunitatearen inguruko topagune bat partekatzeko.
Etorkizunari begira dagoen aldarrikapena
Aste tematiko honekin, Berango-Merana IGEak gogoratu nahi du eskola-elikadura otorduak zerbitzatzeaz haratago doala. Jantokia hezkuntza-aukera bat da, elikagaiekin harreman kontzienteagoa sustatzeko, ekoizpen-eredu iraunkorrak bultzatzeko eta eskolaren, familien eta ingurunearen arteko loturak sendotzeko.
Eskolan sukaldea ezartzeak, eredu horretarantz aurrera egitea ahalbidetuko luke, janarien elaborazioa ikastetxera bertara hurbilduz eta jantokiaren izaera hezitzaile eta komunitarioa indartuz.
Horregatik, familiak, hezkuntza-komunitatea, komunikabideak eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu programatutako jardueretan parte hartzera eta aldarrikapen horrekin bat egitera.
Eskola-elikadura osasungarria sukaldaritza propio batetik hasten delako.