ESKOLA ORTUA

Eskola ortuko proiektuak urteak daramatza martxan harrera oso onarekin. Eskola komunitatearen proiektua da: familiek eraiki, irakasleek kudeatu eta ikasleek landu, bizi eta disfrutatu.

Eskola ortua eskolako gune bat da, non barazkiak eta landareak hazten diren eskola-komunitatearen kontsumorako. Urteak pasa ahala, proiektua aberasten joan da. Ortua eskolako hainbat gunetan banatuta dago. Gaur egun, zomorroen hotela, tximeleten oasia, landare aromatikoentzako lekua eta Haur Hezkuntzako etaparako berezko bankalak ere sortu dira.

Ortuei buruzko oinarrizko ezagutzaz gain (funtzionamendu, martxan jartzea, labore motak, ongarritzea, etab.) eskola-baratzeek aplikazio didaktiko ugari eskaintzen dituzte, umeen adimena, ulermena, matematika eta zientzia-ezagutzak hobetuz, eta baita gizarte-harremanak, portaera eta erantzukizunaren zentzua ere.

Eskolako familia talde bat, baratze zaintza/permakulturan ibilbide luze eta berritzailea duen Peio Sarriegi eskolako irakasle ohiaren lankidetzarekin, aldian-aldian gure eskolako baratze txikia lantzeko elkartzen gara eta ikasleek "TximeleTown" (ZERYNTHIA elkartea) izenez bataiatu zuten Tximeleten Oasia zaintzeko.

Gure helburu nagusia espazio natural erakargarri bat sortzea da, tresna pedagogiko praktiko gisa balioko duena eta, aldi berean, eskola-komunitate osoa gonbidatuko duena lurrarekin eta naturarekin birkonektatzera.

Laguntzeko denbora eta gogoa baduzu, gurekin harremanetan jar zaitez: ortua@ampaberangomeranaige.com

Tximeleten oasia eta landare aromatikoak

Haur Hezkuntzako ortua

Lehen Hezkuntzako ortua

Zomorroen hotela